2014/11/03

Sentimenduak

Nora Kortaberria Bilbao
"Pertsona baten barneko alderdi afektiboa. Tristura, poza, maitasuna, gorrotoa, samurtasuna etab. dira sentimenduak.

Horixe dio hiztegiak sentimendu hitza aurkitzean idatzita dagoen testu zatitxoko lehenengo puntuak. Baina benetan hori al da sentimenduen definizio egokia? Erosketak  egitera egunero joaten den agureak baietz esango du, lanera autobusez joaten den emakumeak ezetz eta eskolan hasi berria den haurra, berriz, dudatan egongo da. Beraz, batek daki!

Bistan da sentimenduen esanahia oso irekia dela. Norberak uneoro sentitzen duen, baina, aldi berean, momentu batetik bestera alda daitekeen sentitzeko moduak batzen dituen, hitza baita.

Autobusean tente  doan emakumeak logura senti dezake, eta nekea, aldi berean. Oraingoan gainera, are gehiago,  sartu denean eserleku bat bera ere libre ez dagoela konturatu baita. Une horretan etsipena sentitu du. Nolanahi ere, ez zaio ahaztu gaur lanean hiru hilabetez ilusioz itxaron duen proiektu berri bat aurkeztera datozkiola.


Dendan sartu berri den agureak sentimendu hitza ondo sentiaraztearekin lotuko du; herriko baserritarrei jaki naturalak erosita lagundu egingo diela badakielako. Edo agian ez da horrela, eta guztiz kontrakoa den pentsamendua darabil bere buruan, bera baino beranduago iritsi den auzokidea ilaran aurreratu zaiolako. Edo apika, bi ideiak ditu buruan, norgehiagoka batean, garuneko espazioan toki gehiago nork irabaziko duen lehian.

Beste nonbaiten, mantala soinean, margo arrosa eskuineko eskuan eta berdea ezkerrean dituen haurra, pozik sentituko da. Izan ere, gustukoen dituen koloredun margoak esku banatan ditu, amonari oparituko dion marrazkia koloreztatzeko. Gauzak horrela, ez du gustatuko ez zaion beldurrik, ondo baitaki kolore guztiak atsegin dituela; eta bere biloba maitearen gustukoak izanik, orduan eta gehiago.

Hiztegia irakurtzen jarraituz gero, honakoa irakurriko dugu bigarren puntuan: "Sentimendua edukitzea, sentitzeko ahalmena izatea da. Norbaitek sentimendurik ez daukala esaten dugunean, ez dela hunkitzen eta ez duela sentitzen adierazten dugu.

Eta arrazoia du, bai; sentitzeko ahalmena beharrezkoa da sentimenduak izateko. Baina nola jakin sentimenduak dituzun edo sentitzeko ahalmena duzun, horiek adierazteko gai ez bazara?

Hori da, hain zuzen ere, haurrari gertatzen zaiona. Argazkia atera diogun une horretan bertan oso pozik sentitzen  da. Hori horrela izanik ere, sentimenduak esperimentatzea hasi berria da. Horrenbestez, oraindik ez dauka guztiz argi poztasuna adierazteko egin behar duen adierazpena zein den.

Bestalde, bai agureak eta bai emakumeak ondo baino hobeto dakite sentimendu bakoitzari zein adierazpen dagokion. Dakigunez, gaitasun hori bizitzan zehar ikasiz joan dira, urteak igaro ahala; adierazteko ahalmena ez baita eskolan irakatsitako gaitasun bat. Hau dela bide, bakoitzak sentimendu berdinarekiko adierazpen ezberdin bat izango du, inorena berbera izango ez dena.

Hitz gutxitan, nahiz eta sentimenduen definizioa hiztegiak eman, ondoren, norberak berea identifikatu beharra dauka. Azken batean, nik neuk eta zuk zeuk ere, bakoitzak, bere sentimendua eta hau adierazteko modua baitaukagu.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina